Mendizorrotza hilabetez ixtea proposatu dute, Iraultza 1921 taldearen muralak erakusteagatik

Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren kontrako Estatuko Kirol Batzordeak Deportivo Alavesi 60. 001 euroko isuna jartzea eta Mendizorrotza hilabetez ixtea proposatu du, Iraultza 1921 taldearen irudiak ez ezabatzeagatik. Batzorde horren iritzian, Iraultza 1921 "talde ultra" da, eta, Mendizorrotzan haren irudiak erakutsita, klubak "zale erradikalak" babesten ditu. "Mendizorrotza estadioko kanpoaldeko fatxadan Iraultza 1921 talde ultraren muralak, grafitiak eta pegatinak daude. Indarkeriaren kontrako Batzordeak segurtasun-txostenak bildu zituen, eta (Alavesi) 40. 000 euroko isuna jartzea proposatu zuen, marrazki horiek erakustegatik. Hala ere, horma-irudiak ez ziren kendu", dio ohar batean. Zigor-proposamen horren berri izan ostean, Deportivo Alavesek jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela eta azpimarratu du klubaren "historia eta ondarea" babesten segituko duela. "Klubak bere historia zaintzeko konpromiso irmoari eusten dio. Estadioaren kanpoaldean dauden irudiek Deportivo Alavesen 100 urteko historiaren erakusgarri dira, baita kluba gaur arte eraikitzen lagun duten pertsonak, kolektiboak eta mugarriak omentzeko modua ere", dio ostiral iluntzean zabaldutako ohar batean. Era berean, "egindako ekintza guztiak klubaren ondare" direla eta horiei guztiei eustea "beharrezkoa" dela adierazi du. "Ondare hori ulertzea eta errespetatzea denon erantzukizuna da: erakundeena, klubena eta zaleena", erantsi du. Horrez gain, Deportivo Alavesek esan du "indarkeriarik gabeko kirola" sustatzen jarraituko duela eta alegazioak aurkeztuko dituela "bere ondarea babesteko, zabaltzeko eta ondratzeko, klubaren historia, baloreak eta ehun urtetik gora bidelagun izan ditugunak babesteko". Azkenik, "Deportivo Alavesen historia ezagutzeko eta muralak ikusteko" gonbita eginez bukatu du oharra Gasteizeko klubak. Iraultza 1921 taldeak, berriz, sare sozialen bidez argitu du atzo ezabatu zuela bere sinadura aipatu horma-irudietatik, Alavesi eta haren inguruari kalterik ez eragiteko "arduraz jokatuz".

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak