“Gure seme-alabek guk baino aukera gutxiago izango dute euskaraz hitz egiteko”

Ttitto Bedbeder Eneko Gorriren elkarrizketaren burulerro nagusia ez da inondik ere baikorra: “Nos enfants auront moins l´occasion de parler en euskara que nous”. Alegia, Iparraldeko egungo seme-alabek euren gurasoek baino aukera gutxiago izango dutela euskaraz hitzegiteko.



Gure aitona-amonen garaietatik hona, euskarak Iparraldean izan duen nondik norakoa laburbiltzekotan, Eneko Gorrik 1980 urtea jartzen du mugatzat. Ordu arte, euskara “politiquement marqué” egon omen zen eta 1980eko hamarkadatik aurrera berriz, “politiquement correct”. Hartara, hainbat urtez euskara maldan behera abiatu arren, gaur egun gero eta nabariagoa bide da euskararekiko atxikimendua.

Baina, tamalez, Gorrik ezin laburrago eta argiago adierazten duenez: “Euskara bezalako hizkuntzen drama da, belaunaldi batean desagertu daitezkeela, baina lau belaunaldi behar direla biziberritzeko. Bide bat hasi dugu. Bide hori biziki luzea izanen da, eta segitu beharko dugu, elkarte mundutik eta erakunde mundutik”. 

Alegia, etorkizuna ez dela erraza izango, ezer lortzekotan, elkarrekin lanean jardun behar izango dute-eta, hainbat urte luzez elkarren mesfidantzan bizi izan diren bi jokamoldeak. Esan nahi baita, euskararen gainbehera handia zelarik, harako hondamena erraztu zutenek eta honako begikotasuna berpiztu dutenek elkarrekin lan egin behar izango dutela.

Eneko Gorriren hitzetan: “Zaila da hainbat hamarkadatan euskararenn gainbehera programatu eta linguicide mota bat ezarri duten erakunde publikoengan konfiantza izatea. Eta instituzioentzat ere zaila da euren kontra horrenbeste denbora kritikatzen aritu izan diren militanteekin eskuz esku lan egin ahal izatea… Baina guretzat ezinbestekoa da”. 

Zernahi delarik, Eneko Gorrik ez du gai honetaz guztiaz batere zalantzarik hauteskunde bezperetan: ”Alkateek ikaragarri gauza asko dute(la) egiteko”. Euskara galtzeko arriskuan, oraindik

Aldi berean, "euskara galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza da oraindik" adierazi du Ttitto Bedbederrek, Euskararen Bulego Publikoaren zuzendariak France Bleu irratiaren ICI Pays Basqueren irratsaioan. Eta ezarri: "familia-transmisioaren azken ehun urteotako gainbehera gelditu egin da. Eta orain ikusi beharko dugu eskoletan euskaldun berri horiekin urte batzuen buruan berriz hasten den eta zein neurritan.  Frantziako Estatuan, eremu urriko hizkuntzen artean, Euskal Herria da non horrelakorik gertatzen den toki bakarra".

Ttitto Bedebederren iritziz:  "Estatu frantseseko beste hizkuntza batzuekin alderatuz gero, euskara hobeto dago, baina eskala makro samarrean begiratuz gero, euskara galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza da oraindik".

1) Plazara

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak