250 pertsona baino gehiagok hartu dute APNABIren Euskararen Eguneko erromerian
Abenduaren 3an, Euskararen Munduko Egunarekin bat eginez, APNABIk bere ohiko erromeriaren edizio berri bat antolatu zuen Sabino Arana kalean duen bulegoen aurreko plazan. Ekitaldia 11:30ean hasi eta 13:00ak arte luzatu zen, eta bertan 250 pertsona inguruk hartu zuten parte, aniztasunaren eta euskararen aldeko giro jai-giroan. Hamaiketakoa egin zuten txoripanak jateko, herri kirolen gunea eta dantzarako espazioa izan zuten, euskal musikaz girotuta. → Jai horren argazkiak ikusi ditzakezu esteka honetan. Gogoetarako muralaErromeriaren ardatz nagusietako bat zentroetatik ekarritako horma-irudi eta pankartak izan ziren. Bertaratutakoei “Nola bizi duzu euskara?” galderari erantzuteko eskatu zitzaien, irudi, esaldi edo marrazkien bidez euren bizipenak modu sortzailean adieraziz. Ekimen honen helburua euskararekiko atxikimendua eta bizipen pertsonalak partekatzea izan zen, bai autismoa duten pertsonen artean, bai lantaldeko kideen artean, guztiak animatu baitziren euren sorkuntzak ekartzera. Ekitaldiak arrakasta nabarmena izan zuen, eta antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute komunitate osoaren inplikazioa eta elkarlana. Erromeria inklusiboa izatea garrantzitsua da, hizkuntzarekiko gozamena eta parte hartzea sustatzen baitu, pertsona ororen beharrak eta adierazpen moduak errespetatuz.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.