XXIV Argazki lehiaketa Badugu argazki lehiaketaren ebazpena
Badugu aurtengo edizioko argazki irabazlea 2025·12·17
Pasa den astean amaitu zen epea, Kirol Zerbitzuak urtero antolatzen duen argazki lehiaketan parte hartzeko. Guztira, 62 argazki aurkeztu dira 24 parte hartzaileren eskutik, "Jarduera fisikoa eta pasioa" gaitzat izan duen lehiaketa honetan. Hemen ikus dezakezue albuma, aurkeztutako argazki guztiekin.
Aretxabaletako gure lankideen laguntza izan dugu lehiaketaren ebazpena burutzeko eta aurtengo irabazlea, Beñat Auzmendi Jauregi-ren "Zergatik ez?" argazkia izan da; skater bat hurrengo saiakera egiteko momentua islatzen duen argazkiarekin.
Hemen duzue epaimahairen justifikazio teknikoa:
Epaimahaiak ebatzi duenez, irabazleak aurkeztutako irudia oso adierazkorra da bere soiltasunean. Emakume bat ageri da bizkarra emanda, skatea eskuan duela eta arropan zikinguneak dituela hainbatetan erori den seinale. Xumea izanagatik, irudiak asko adierazten du:
- Testuaren eta irudiaren arteko lotura. Irudiaren eta testuaren arteko harremana bikaina eta erabatekoa da. Deskribapenak ezin hobeto borobiltzen du ikusten ari garena, eta argazkiari askotariko esanahiak gehitzen dizkio.
- Kirol minoritarioen errealitatea. Balioa eman diogu eta aintzat hartu dugu kirol gutxitu baten eguneroko zailtasunak ikusarazteari; eta, ohiko kirol ezagunenetako irudiez harago, errealite hori erakustea.
- Erresilientziaren mezua. Behin eta berriz altxatzeak suposatzen duen ahalegina islatzen du. Testuan azaldutako pasio hori ez da soilik kirolari dagokion zerbait; bizitzaren edozein arlotara eraman daitekeen balioa da.
Laburbilduz, lanak erantzun borobila ematen dio gaiari, eta erakusten digu pasioa ez dela soilik garaipena, baizik eta erori ondoren zutik jartzeko eta aurrera egiteko gogo hori.
Eskerrik asko parte hartzaile guztiei eta zorionak Beñat-i, "Zergatik ez?" izeneko argazkiagatik!!
Badugu argazki lehiaketaren ebazpena

Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.