KUTXAZ KANPO: II: "Irabazi ala hil" (Badalab)

KUTXAZ KANPO: II: "Irabazi ala hil" (Badalab)

Gertaeraren datuak

Antolatu du

Badalab

Non

Madalen Kalea, 27

Noiz

20/03/2024

LEHIA eta LEHIAKORTASUNA kolektiboki (bir)pentsatzeko saioa Badalaben. Martxan da Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Fikzio Fabrika kolektiboarekin elkarlanean hilabetero eskeiniko duen Kutxaz Kanpo izeneko esperimentazio eta hausnarketa kolektiborako espazio ludiko, seguru eta ezohikoa. Bertan, karta, mahai eta rol jokoen potentzialtasuna baliatuko da euskara erabiltzen jarraituko dela bermatzeko beharrezkoak izango diren antolaketa eta harreman eredu desberdinak/desiragarriak irudikatu eta esperimentatzeko. Bigarren saioa II. “Irabazi ala hil” izenekoa, martxoaren 20an izango da arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Badalab-eko Errenteriako egoitzan. Helburua, lehia eta lehiakortasunaren inguruko esperientzia eta hausnarketa kolektibo bat proposatzea da eta horretarako elkarren aurka jokatzeko jokoak baliatuko dira, beti ere espazio seguru eta eroso batean. 2024ko otsailean hasi zen mahai, karta eta rol jokoak erabilita pentsamendu eta hausnarketa bide kolektibo berriak zabaltzeko Kutxaz Kanpo proposamena Badalab hizkuntza berrikuntza laborategia eta Fikzio Fabrika taldearen arteko elkarlanetik. Martxoaren 20ko saioan lehia eta lehiakortasunari buruz elkarrekin pentsatu nahi dute, eta horretarako elkarren aurka jokatzeko jokoak prestatu dituzte. Parte-hartzaileek mahai jokoak ezagutu eta jokatzeko aukera izango dute, baina baita beste jokalarien lehia behatzekoa ere. Helburua esperientzia partekatu honetatik abiatuta elkarrizketa eta hausnarketa kolektiboa ahalbidetzea da, betiere espazio seguru eta eroso batean. Kutxaz Kanpo ekimena euskararen etorkizunak elkarrekin pentsatu, esperimentatu eta eztabaidatzeko marko ludiko eta esperientziala da, euskararen eta euskal gizartearen erronka eta beharrez aldez aurretik ezarritako marko eta mugetatik haratago hitz egin, irakurri, entzun eta eztabaidatzeko hileroko espazio berria. Mahai, karta eta rol jokoek bestelako ikuspegi, prozesu eta dinamika batzuetan murgildu eta hausnarketarako baliabide garrantzitsuak eskaintzen dizkigute, beste batzuen larruan, beste egoera batzuetan, bestelako logiken baitan jarduteko. Proiektuak ludikotasunaren potentziala hausnarketa indibidual eta kolektiboaren zerbitzura jartzea proposatzen du, kontzeptu, ideia edo erronka zehatzen gainean saioak antolatzeko. Saioen izaera askotarikoa eta anitza izango da jarraituko diren metodologia eta proposamenen aldetik baina guztietan mantenduko da espazio seguru eta gozagarria sortu eta bermatzeko konpromisoa eta jolasaren inguruko bizipena eta haren gaineko hausnarketarako tarteak zabaltzea. 2024an zehar hilabeteko hirugarren asteazkenetan egingo dira saioak, bakoitzean ardatz tematiko edo kontzeptu zehatz bati helduz. Otsailaren 21ean lehen saio arrakastatsua izan genuen “Hizkuntzak eta isiluneak” izeneko. Bertan, Nikaraguako gor komunitatearen esperientzia baliatu zen elkar ulertzeko dugun desira unibertsala edo hizkuntzen sorrera prozesua bezalako gaiak jorratzeko. Martxoaren 20an bigarren saioa izango dugu “Irabazi ala hil” izenburupekoa eta lehiaren ideiaren ingurukoa izango da. Gizartean orokorrean eta hizkuntzen kasuan diglosia egoeretan, hain barneratuta ditugun lehiaren logika, ondorio eta mugak kolektiboki esploratzeko saioa. Gerora etorriko dira Arnas Luzeko Kooperazioa, Arnas Estuko Kooperazioa, Porrota, Mapa eta Bestea saioak. Hala ere, ekimena zabalik dago parte-hartzaile eta interesa duten eragileek landu nahi lituzketen beste proposamenak lantzera. Hurrengo saioetatik aurrera, Kutxaz Kanpo Euskal Herriko txoko ezberdinetara eraman nahi dugu. Apirilean adibidez, rolean euskaraz aritzea helburua duen Rolaldia izeneko jardunaldien testuinguruan kokatuko dugu ekimenaren hirugarren saioa, kasu honetan Donostian. Kuriositatea eta ongi pasatzeko gogoa duen edonori zuzenduta dago ekimena eta parte hartzeko euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izango. Saioak irekiak izango dira eta ez da gonbidapenik behar, baina argibiderik nahi izatekotan edo joan nahia adierazteko info@fikziofabrika. eus helbidera mezu bat idaztea gomendatzen da.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak