Abendu honetan, urteari amaiera egokia emateko xedez, Nafarroako Filmotekak film sorta ederra prestatu du ikusleek zinemarekin goza dezaten.
Hala, hilabete honetan, Portugalgo Zinematekarekin batera herri horretako zinemagintzan errepasoa egiten ari dira. Guztira lau film pantailaratzeko programazioa ondu da bertan: Mudar de vida (1966), As Armas e o Povo (1975), Silvestre (1981) eta O Sangue (1989). Hain zuzen ere, azken bi film horiek abenduaren 19an eta 26an pantailaratuko dira.
Bestalde, Nafarroako Filmotekak bi dokumental programatu ditu, bata Mendien Nazioarteko Egunagatik, 212 Mountains (2023), eta bestea Eguzki irratiari buruzkoa, Una historia de comunicación, pasión y lucha (2025). Horiek pantailan ikusi dira jada, baina gaur berton, Gazte txartelaren II. Film Laburren Lehiaketako Sari Banaketa Gala egingo da.
Irlandako Zinema Erakustaldia ere egiten ari dira, eta Mi pie izquierdo (1989) lanaren ostean, hilaren 27an, Despertando a Ned (1998) filma ikusteko abagunea egongo da.
Bestalde, Filmoteka Nafarroan zikloak, Nafarroako munduarekin zerikusia duten edo Nafarroako partaidetza duten filmak hainbat herritara eramaten dituenak azken emanaldia programaturik dauka Auritz/Burgueten ostiral honetarako: Kantauri. Kantauri itsasoaren sakonean barrena bidaia poetiko batean murgiltzen gaituen dokumentala da.
Nafarroako Filmotekak film sorta ederra prestatu du urteari agur esateko

Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.