"Mari, Lamiak eta basoko aztarnak"

"Mari, Lamiak eta basoko aztarnak"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

pamplona.es

Non

Ziudadela

Noiz

05/04/2024-etik 12/05/2024-era

Haizea sentitu. Hostoak erortzen entzun. Ibaian murgildu. Naturaren besarkada sentitu. Hori guztia proposatzen du Jaio Lertxundi artista bisualak Mari, Lamiak eta basoko aztarnak erakusketan, naturako elementu guztiak batu eta elkarlotzen diren argazki-erakusketan. Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Jaio Lertxundik berak aurkeztu dute maiatzaren 12ra arte Zudadelako Labean ikusgai egonen den erakusketa.

Erakusketa Lertxundik  Iratiko oihanean 2019an hartu zituen naturako eszenak biltzen dituzten zazpi argazkik osatzen dute. Orduan hasi zen artista bisual honen azken urteetako bidea markatu duen proiektua; bide esperimental horretan natura ikonografiko eta mitologikoarekin jolasean ibili da lamien (ur gezako sirenen) eta Mariren (amalurra euskal mitologian) aztarnen bila.  Lasaitasunerra eta gelditasunera gonbidatzen duten argazkien bidez egiten du bide hori, ikuslea unibertso magiko batera eramaten duten argazkien bidez.

Lurra besarkatuz korapilatzen diren sustraiak, zuhaitzen eta mendien isla uretan, dena bat den joko optikoan, zerua harramazkatzen duten adarrak, haizetan dantzan dabiltzan eta lurra estaltzen duten hostoak dira Lertxundiren kamerarekin atzemandako une magikoetako batzuk. Jaio Lertxundik bere gorputzean gauzatutako edo naturarekiko komunikazio delikatu baten bidez lotutako paisaiak eta lurraldeak ikertzen ditu, eta unibertso kaleidoskopikoen ikuspegiak islatzen dituzten irudikapen bisualak sortzen ditu, eta irudikapen horiek arkitektura natural eta intimoak proposatzen dituzte, esposizio anitz, isla edo eszenen bidez, berpiztearen eta eraldaketaren arteko hari mistiko bati esker.

Arte jasangarria
Mari, Lamiak eta basoko aztarnak erakusketaren proposamen artistikoak gizakiei naturara itzultzeko eta hura zaintzeko deia egin nahi die, bizitzarako duen garrantziagatik. Izan ere, bere argazkien bidez, Lertxundik arte jasangarriaren alde egiten du, gizakien, basoaren eta zuhaitzen arteko harremana aztertuz. Bi alderdi dituen harremana da: bat hurbilago dago fantasiatik eta beldurretik, magiatik eta mitologiatik; besteak, berriz, arreta handiagoa jartzen dio bizitzaren elikagaia den naturaren zainketari. 

Naturak eskaintzen eta ezkutatzen duen guztiaren gainean keinu txikiak eginez, Jaio Lertxundik gizarte-kontzientzia sortu nahi du, lurrari dagokion lekua itzuli eta gizakiaren eta naturaren arteko antzinako sinbiosi hori berrezartzeko eta, elkarrekiko zaintzan oinarritutako izaki bakar bat sortzeko. 

Jaio Lertxundi (Donostia, 1977) Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan jaso zuen prestakuntza eta argazkigintza ardatz hartzea erabaki zuen, lehenengo Bartzelonako Bideo Ikasketetako Zentroan eta gero Institut d´Estudis Fotográfics de Catalunya / IEFC Barcelona eskolan. Urteetan zehar bakarka erakutsi du bere lana, besteak beste, Tuterako Castel Ruiz Kultura etxean, Bartzelonan, Reusen, Tarragonan eta Iruñean oraingoan.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak