16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatu dizkiete Australian

16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatu dizkiete Australian
Australiak 16 urtetik beherakoentzako sare sozialak debekatu ditu aste honetan. Gobernuak espreski izendatu dituen hainbat zerbitzutan, kontuak ezabatzen hasi dira, eta erabiltzaile berriei adin debekua jartzen (ustez). Honako hauetan, hain zuen: Facebook, Instagram, TikTok, Snapchat, Twitter/X, YouTube, Reddit, Twitch eta Threads. Kontua da ez dagoela argi nola egiten hasi diren adin egiaztapena. . . Adin egiaztapena egiteko sistemari dagokionez, Australiako gobernuak baldintza bat ezarri du: nortasun agiri baleko bat erakustea ezin dela metodo bakarra izan. Oraingoz ez du inongo zerbitzuk nortasun agiriak erabiliko dituztenik esan, hala ere. Enpresa desberdinei dagokienez, Facebook, Instagram eta Threadsen jabe Metak ez du ezer esan nola egingo duten. Youtubek dio lotutako Google kontua analisatuko duela, eta beste "seinale" batzuen arakatzea. Ildo bertsutik, Snapchat-ek dio erabilpen-estatistikak eta jaiotza data erabiliko dituztela. Jaiotza-datarena erdi barregarria izan daiteke, dagoeneko australiar nerabe guztiek jakingo dutelako zer ipini behar duten. Zerrendako beste enpresek zein metodo erabiliko duten ez dute iragarri. Hedabideetan beste metodo posible batzuk aipatu dira:- aurpegiaren identifikazio biometrikoa, selfie bat egiteko eskatuta.
- beste erakunde batzuen identifikazioa, adibidez banketxe batean kontua baduzu, banketxeak 'token' edo zenbaki zehatz bat ematen dizu balioko duena adina egiaztatzeko beste daturik pasatu gabe. Kontua da, metodo hauek aplikatzen hasten badira, ez bakarrik nerabeek erabili beharko dituztela, erabiltzaile guztiek egin beharko dute selfiearen edo banketxearen gauza. Denen adina egiaztatu behar da, adin txikikoena egiaztatzekotan. Beste kontu bat da orain arteko erabiltzaileen edukiarena. Sareetatik desagertuko da, baina nola? 16 urtetik beherakoei Metak deskarga aukerak emango omen dizkie. TikTok-ek esan du edukia gordeko duela artxibo batean, eta erabiltzaileek abisua jasoko dutela baimendutako adinera iristean itzuli daitezkeela. Youtube eta Snapchat-ek ere halako "artxibo izoztu" bat izango omen dute. Galdera asko beraz, hau nola garatuko den. Azpimarragarria, bestalde, mezularitza zerbitzuak ez direla, oraingoz, "sare sozial" gisa sailkatu oraingoz: Whatsapp (Metarena hau ere) eta Telegram ez daude Australiako zerrendan.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak