MANUEL BERMEJO ETA XABIER CELESTINO

MANUEL BERMEJO ETA XABIER CELESTINO

Gertaeraren datuak

Antolatu du

pamplonaescultura.es

Non

Ziudadela

Noiz

05/04/2024-etik 19/05/2024-era

Ziudadelako Mistoen Eraikina -Lehen solairua-. Apirilaren 5etik maiatzaren 19ra. Manuel Bermejo eta Xabier Celestino artisten erakusketa. Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairuan Manuel Bermejo eta Xabier Celestino paisajista nafarren lanak biltzen dituen erakusketa bat dago ikusgai. Bi egileak haien bizipen existentzialen isla diren hiri-bizitzaren eta landa-paisaiaren artean mugitzen dira, bakoitzaren sormen-unibertsoa definitzen duten estilo eta ezaugarriekin. Biek partekatzen dute paisajismoa eta ingurune hurbil eta maitatuenaren isla errealista, baina teknika desberdinetatik. Bere pinturaren bilakaeran, Bermejok errealismo klasikoaren zuzentasun formala gainditzea lortu du, eta, figurazioa alde batera utzi gabe, lengoaia plastiko finagoa erabiltzera ausartu da, sintesizko-trataera bat bilatuz, kolore-planoak eta marrazki ez hain zehatzak eta geometrikoagoak sortzeko. Berritasun horrek,bere lanik errealistenekin batera, lanak lantzeko orduan libre sentitzen den egile bat aurkezten digute. Celestinok, berriz, giza erreferenterik gabeko pinturara eboluzionatu du erakusketa honetan. Landa-paisaia da nagusi,eta haren lanak lanbrotsuak dira askotan, tonu grisez (beroak eta hotzak) eta berde ugariz eta itzalen arteko eguzki-printzez beteak. Hori guztia, errealitatearen parte gisa, denboraren joanaren sinbolo eta espazioan zeharreko mugimendu gisa hartutakoaren kontzeptutik abiatuta. Manuel Bermejo
Manuel Bermejo bere azken bakarkako erakusketatik hamar urtera itzuli da Ziudalerara. Hiriko eta garai hartako trafikoaren mugimenduari buruzko irudien ondoren dakarren pintura bareagoa eta lasaiagoa da; batez ere landa-paisaien agertoki lasai eta irekiagoak erakusten ditu, haren jaioterri den Zirauki bezalako herri txikiak eta Nafarroako Pirinioetatik Lizarraldera bitarteko naturgune handiak, Donejakue bidetik igaroz. Bere lanak inpresio zuzenetik sortzen dira, egileak leku horiei buruz duen ezagutza intimotik. Ikusgai dauden artelanek Bermejoren pinturaren ohiko ezaugarriak islatzen dituzte, hala nola giza-irudia ia ez agertzea paisaien eta inguruneen pisu espezifikoa nabarmentzeko; edo egoera klimatikoen aniztasuna, batez ere paisaia elurtuak nabarmenduz, non errealismo piktoriko tradizionalenetik urruntzen baita pop estilotik hurbilago dauden estanpak sortzeko, eta modeloen xehetasunak murrizten baitira konposizio-geometria eta plastikotasun bisual handiagoaren bila. Paisaiei kontrajarrita, Bermejok beste bi atalekin osatu du erakusketa. Xilografia multzo txiki bat aurkezten du, kolore eta tonu urriz, sintesi eta adierazpen geometriko hori hauteman dadin, horien bidez historiako irudi batzuk omentzeko. Horiez gain, bigarren obra-multzo batean, zuhaitzen loraldia margotzen du udaberri goiztiarrean, zeru urdin distiratsuko hondoetan loreak lehen planoan erakusten dituzten konposizioekin. Xabier Celestino
Denbora gutxixeago, zazpi urte behar izan ditu Xabier Celestinok Ziudadelako Mistoen eraikinean beste erakusketa bat egiteko. 2017an, margolari iruindarrak pintura figuratiboa izan zuen ardatz, kaleetan, geltokietan, portuetan eta bestelako hiri-espazioetan paseatzen zuten pertsonaiak tonu espresionista batean islatuz. Erakusketa honetan ez da gizakia agertzen, era horretan paisaiaren, agertokiaren, lekuen edo bertan bizi diren animalien indarra nabarmentzeko, horiek ere bere bizitzaren parte baitira. Bere pinturak bere estiloari dagozkion ezaugarriak izaten jarraitzen du, hala nola argi-kontrasteak eta tonu gris eta okreak, apur bat Europa erdialdeko espresionismo malenkoniatsuaren antzera. Bere obraren eta sorkuntza-prozesuaren zati gisa, Celestinok zirrara sortzen diona fotografiatzen du eta bere obrara eramaten du. Oraingo honetan, landa-paisaiak nagusitzen dira pinturetan, horitik zianera arteko berdez beteak; animaliak (ardiak, zaldiak, behiak…) beren habitatetan, eta bere egunerokotik hartutako uneak. Ez da falta ohiko gaiei buruzko aipamenik, hala nola elurtutako edo udaberriko paisaiaren handitasunean minimizatutako trafikoa eta ibilgailuen mugimendua. Urtaro desberdinetako eszenak dira, eta, Manuel Bermejoren margolanen kasuan, tonu, pintzelkada eta kromatismoak ikertzeko aukera eskaintzen diote, batzuetan espresionistak, trinkoak edo ekaiztsuak diren koadroak sortzeko, eta beste batzuetan inpresionistak, arinak, hezeak, denbora iheskorra atzematen dutenak.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak