MINTZALAGUNA: ETA EUSKARAZ EGITEN BADUGU?
Ikasturte berri huntan ere, Baionan euskara praktikatzeko gomita luzatzen diegu euskaltzaleei mintzalaguna egitasmoaren bitartez. Iaz, lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea eta Biltxoko elkarteek Mintzalaguna egitasmoa abiatu zuten Baionan. Bi talde osatu ziren, eta emaitza eta iritzi positiboak jaso ondoren, esperientzia errepikatzea erabaki da. ZER DA MINTZALAGUNA?
Mintzalagunean euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak (bidelagunak) euskaraz hitz egiteko ohitura ez dutenekin (bidelariak) elkartzen dira talde txikitan. Egitura txiki horietan, parte-hartzaileek euskaraz aritzeko erraztasuna eta ohitura lantzeko aukera dute giro atsegin eta lasai batean.
Helburuak anitzak dira: euskara maila hobetzea eta ikasketa prozesua azkartzea, hizkuntzaren normalizazio prozesuan eragile aktibo izatea, hizkuntzaren ikasketa eta erabilerarekiko motibazioa handitzea, euskal hiztunen kopurua emendatzea, euskarazko harreman sareak sortzea, hizkuntzarekiko atxikimendua lantzea, etab….
Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskaraz saretzeko esperientzia anitzak eskaintzen ditu!
Mintzalagun egitasmoan izena eman, eta komunitatearekin bat egin . Eman izena Informazioa ELKARRIZKETAK: BIDELAGUN ETA BIDELARIAK EZAGUTZEN
Kaiet Etxeberria Arruti, 34 urte.
Pediatra Baionako hospitalean. Bidelaguna.
Zergatik eman zenuen izena Baionako Mintzalagunean? Zein ziren zure hastapeneko motibazioak?
Baionan bizi naiz duela lau urte eta lagun euskaldun bakarren bat badudan arren eta lanean euskara pixka bat erabiltzen dudan arren; nire inguru nagusia frantses hiztuna da eta hori izan da motibazio nagusia, astean behin bederen euskaraz egiteko aukera izatea, Baionako ostatu edo kulturgune batean, taldean eta giro onean.
Zer ekarri dizu Mintzalagunean parte hartzeak?
Euskaraz aritzeko momentu goxo bat astean behin… Jende berria ezagutzea, beraiekin momentu ederrak partekatzea… eta bidelariei euskara erabili eta hobetzeko aukera ematea.
Zer da gehien maitatu duzuna?
Taldekoekin sortutako dinamika eta momentu onak.
Gomendatuko zenioke norbaiti? Zergatik? Bai, zalantzarik gabe. Euskaldun zaharra edo berria izanik, aukera paregabea da euskara erabiltzeko eta jendea ezagutzeko.
Zure esperientzia laburki konta iezaguzu. Lehengo kurtsoan, urriaren hastapenetik ekaina bukaera arte 5-6 pertsona inguruko talde bat osatu dugu.
Astelehenen iluntzetan elkartu gara, gehienetan Baiona Ttipiko Xina ostatuan, baina batzuetan egin ditugu plan ezberdinak ere (Biltxokon kantaldiak, afariak, mus partidak, Atalanten elkartzeak…).
Aste batzuetan zaila izan da elkartzea eta huts egin dugu baina gehienetan lortu dugu gure hitzordua mantentzea.
Taldekoekin harremana bikaina izan da eta elkar ikusi izan dugu momentu batzuetan mintzapraktikatik kanpo ere.
Orokorrean, esperientzia polita izan da eta ordutegiekin moldatzen banaiz, errepikatuko dut.
Alex Lanard, 39 urte.
Euskara irakaslea. Bidelaria.
Zergatik eman zenuen izena Baionako Mintzalagunean? Zein ziren zure hastapeneko motibazioak?
Eman nahi nuen kurtsoetatik kanpo mintzatzeko. Nire hemengo inguruan, garaian, euskaldun gutti banuen.
Zer ekarri dizu Mintzalagunean parte hartzeak?
Momentu goxoak, mintza jariakortasuna eta bizi soziala.
Zer da gehien maitatu duzuna?
Jendearen aniztasuna
Gomendatuko zenioke norbaiti? Zergatik?
A2 maila duten guztiei gomendatuko nieke. Nire ustez, formatu horrek egoera eta gogo desberdin anitzei erantzuten ahal die. Moldatzen ahal da, nolabait.
Zure esperientzia laburki konta iezaguzu.
Hasi nintzen AEKko formakuntza intentsiboa egiten irailean. Laster, klasean hasi ginen desafioak sortzen. Nire desafío bat mintza praktika batera joatea zen. Iduritzen zait lortu dudalako, urte osoa aritu nintzen Mintzalaguna joaten.
Maeva Marcel, 43 urte.
Bezero kudeatzailea Enargia kooperatiban. Bidelaria
Zergatik eman zenuen izena Baionako Mintzalagunean?
Bi urtez ikasi nuen Baionako gau eskolan eta gero formakuntza intensiboa segitu nuen Angelun AEK-rekin B2 maila arte. Formakuntzaren bukaeran ikasi nuena ez nuen galdu nahi baina iruditzen zitzaidan nozio pilla bat ikasi nituela eta behar nuena zela hitza desblokatzea. Lagun batek Baionako Mintzalaguna iniziatiba aipatu zidan eta horrela ostegunero joaten nintzen leku goxo batzuetara 6etatik 7etara.
Zer ekarri dizu Mintzalagunean parte hartzeak?
Mintzalagunari esker ingurumena euskaraz sortu nuen eta ostegun guziz euskararekin hitzordu bat banuen. Bospasei pertsona elkartzen ginen bi bidelagunekin. Maila desberdinak bagenituen baina bakoitzak adierazten ahal zuen nahi zuena errespetu giro batean. Nahiz eta hutsak egin, erabaki genuen bestea ez moztea eta zuzenketak saioaren bukaeran egitea. Nire ustez, molde egokia zen lasai sentitzeko.
Zer da gehien maitatu duzuna?
Hizkuntzaz gain, jarduera anitz egin genituen elkarrekin euskal kultura eta gastronomiaren inguruan hala nola Txistor Gaua, zinema, afariak Biltxokon… Lagun giro batean iragaiten ziren hitzorduak.
Gomendatuko zenioke norbaiti?
Zergatik? Bai, maila teoriko batera heldu zarelarik eta euskara ez bada batere erabilia zure ingurumenean, Mintzalaguna bezalako ekimenak funtsezkoak dira.
Zure esperientzia laburki konta iezaguzu.
Angelun handitu naiz euskalduna ez den familia batean eta horregatik hizkuntza ikasteko bidea luzea da berant hasten zarelarik. Gaur egun, gero eta elkarte gehiagok euskara sustatzen dute eta badakit guk ditugula gauzak aldatuko baina ez dela hain erraza euskara hain gutxi entzuten dugularik eguneroko bizian. Horretarako ekimen horiek biziki garrantzisuak dira et geroan, nahi nuke gure betiko lekuetatik atera gaitezen euskara biziarazteko entzun behar dugun lekuetan, BABen bereziki.
Gema Elorriga Etxebarri, 64 urte.
Historia-geografia irakasle ohia. Bidelaguna.
Zergatik eman zenuen izena Baionako Mintzalagunean? Zein ziren zure hastapeneko motibazioak?
Biltxoko elkartean partaidea nintzenez, pentsatu nuen lagungarri izango zela pizteko euskara Baionan.
Aurten ere jarraitzen duzu? Zergatik?
Bai, taldea osatu dugu, ondo funtzionatzen du, euskaraz komunikatzen gara.
Zer ekarri dizu Mintzalagunean parte hartzeak?
Euskera sakondu eta zabaldu Biltxokon eta Baionan. Hautu bat euskararen alde egiteko.
Zer da gehien maitatu duzuna?
Taldean euskaraz egitea. Kalean tabernan zineman hitzaldietan eta abar.
Gomendatuko zenioke norbaiti? Zergatik?
Bai horixe , era intesante, efikaza , erreza ta dibertigarria iruditzen zait; gogoa eduki behar.
Mintzalaguna Ipar Euskal Herrian

Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.