Udako ikastaroak 2024 UPV/EHU: "Nazioarteko Kongresua Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak"

Udako ikastaroak 2024 UPV/EHU: "Nazioarteko Kongresua Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak"

Datos del evento

Organizado por

uik.eus

Donde

Elai-Alai Aretoa

Cuando

Del 13/06/2024 al 14/06/2024

Deialdi honen bitartez, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) MHLI (IT1579-22) ikertalde kontsolidatua Gernikan, 2024ko ekainaren 13 eta 14an, Nazioarteko Kongresua ospatuko dela iragartzera dator, Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak izenburupean. Kongresuaren ardatz izango dira Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialen inguruko hausnarketak. Kongresuan parte hartuko duten hizlarien zerrenda oparoan argi antzematen da giltzarri den diziplinarteko planteamenduaren isla. Hain zuzen ere, jakintza arlo askotako adituak arituko dira hizlari: besteren artean, ikerketa politiko eta historikoetan espezializatutako Stefanie Schüler-Springorum (Technische Universität Berlin); historialaria eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria den Xabier Irujo Amezaga; Euskal Literatura garaikideko espezialista den Mari Jose Olaziregi Alustiza (UPV/EHU; MHLI Ikertaldeko zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia); Artearen Historian, Ikasketa Kulturaletan eta arte komisariotzan jakitun den Jorge Luís Marzo (BAU, Centre Universitari de Disseny Barcelona) eta baita MNCARSko “Repensar Guernica” proiektuko kide den Rocío Robles Tardío arte historialariaren (Universidad Complutense de Madrid) pareko adituak ere. Horiez gain, aditu gonbidatuak izango dira MHLI ikertaldeko kanpo kolaboratzaile hauek: Dolores Vilavedra (Universidad de Santiago de Compostela), Maitane Ostolaza (Université de Perpignan), Iker González-Allende (University of Nebraska), Estibalitz Ezkerra (University of Colorado) eta María Oianguren (Gernika Gogoratuz). Bai key speakers edo hizlari nagusien zerrendak, bai haiek eskainiko dizkiguten hitzaldi sortak asmoa du etorkizuneko parte-hartzaileek era askotako ikuspuntu, metodologia eta ikerketa arloak elkarrizketan jarri eta elkartrukatzeko abagunea sortzea. Gernika, gertakizun eta oroimen gune den neurrian, Santnerren hitzetan, «tai gabe eguneratzen da eta bizirik dirau», edo Roberto Calassoren hitzetan, isla edo oihartzun eran dirdiratuz, durundi eginez errepikatzen da «ezin konta ahala bizitzetan». Azken buruan, Warburgen esanei jarraiki, nola gertaerak hala artefaktuak, badute post-bizitza tankerako bat, geruza askokoa, dela ikonografikoa, dela artistikoa, dela oroimenezkoa, dela politikoa. Beraz, ikergaiak eskatzen duen diziplinartekotasuna da kongresu honek ahalbidetu eta sustatu nahi duena. Nazioarteko Kongresuan, Gernikako Bakearen Museoaren eskutik, oroimen gune eta gatazka lekuak zeharkatuko dituzten bisita gidatuak egingo dira. Gainera, Bakearen Museoan bertan MHLIko artearen historialariek komisariatutako aldi baterako erakusketa izango da ikusgai, zeinak kongresuaren gaiarekiko harreman estua izango duen. LekuakHitzaldiak eta komunikazioak Gernika-Lumoko Elai Alai Zentroan eta Euskal Herria Museoan izango dira, egitarauan zehaztuko diren egun eta orduetan. Biltzarrean ikusgai egongo diren HIRU ERAKUSKETAK Gernikako Bakearen Museoan, Euskal Herria Museoan eta Elai Alai Zentroan egongo dira (ikus ordutegia behin-betiko egitarauan). Kongresuaren itxiera Gernikako Juntetxean izango da. Bertan, bisita gidatua eta hitzaldi bat eskainiko dira. Kongresuari buruzko informazio guztia (pdf)

Comentarios

Tentu usa cookies para ofrecerte la mejor experiencia

Básicas

Analíticas de usuario y rendimiento