Badoaz fleet-ak Twitterretik, erabilpen faltagatik

Badoaz fleet-ak Twitterretik, erabilpen faltagatik
Iazko azaroan sortu ziren fleet-ak, Twitterreko mezu iragankor laburren funtzionalitatea, baina urte erdi iraun dute, ez gehiago. Etzi, abuztuaren 3an, desagertuko da aukera hau Twitterren aplikazio bertsioetatik (web ingurunean ez da sekula gauzatu). Kopiatutako funtzionalitatea zen. Duela urte batzuk, desagertzen ziren mezuen funtzioan oinarrituta zabaldu zen batik bat Snap aplikazioa (AEBetan eta gaztetxoen artean bereziki). Hure dexenteko arrakastarekin kopiatu zuen Instagram-ek gero, Stories irangankorrak sortuz; eta hortik pentsatu zuten Twitterrekoek eduki zezakeela funtzioak erabilpen bat Twitterren. Baina ez du arrakastarik izan. Twitterreko produktu arduradun Ilya Brownek azaldu ditu motiboak mezu publiko batean. Ideia nagusi batekin garatu zuten Fleets, Twitterreko erabiltzaile pasiboak, irakurtzera asko sartzen direnak baina txioak idazteko lanik, ardurarik edo adorerik aurkitzen ez dutenek, horiek ere zerbait adierazteko bide bat aurki zezaten. "Lotsatiek", nolabait esatearren, mezu tenporal iragankorren bidez komunikatzeko bide errazago bat aurki dezaten. Egiazki, Ilya Brownek argitu bezala, ez da erabilpen berri hori gertatu. Izatez, Fleet-ak gehien erabili dituztenak ez dira izan txio gutxi egiten zutenak, baizik eta beren txioei indar gehiago eman nahi izan duten super-erabiltzaileak. Erabiltzaile berrien gehikuntza edo mezu kopuruak igotzeko porrotaren aurrean, Fleets badoa. 48 ordu dituzue azkenengoa botatzeko, nahi baduzue. Irudian, bi euskal erabiltzaileren fleet-ak, azken aste honetan bidalitakoak. Goio Aranarena bideo bertikaleko formatukoa da, Eneko Knorrena goian aipaturiko eredu horretako bat, oihartzun gehiago lortzeko auto-marketin tresna bat, kasu honetan Instagram-eko zuzeneko bat iragartzeko.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak