Gaur abiatuko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia

Gaur abiatuko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak abenduaren 3tik 12ra egingo du bere 14. edizioa. Egunotan mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura izango dira pantailaratuko diren film guztien gaiak. Filmak ohiko tokietan pantailaratuko dira, hala nola, Sala BBK, Euskalduna Jauregia eta Golem zinemak.

Data horietarako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak 52 film bildu ditu, 11 herrialdetatik etorri direnak (Espainia eta Frantzia dira ordezkaritza zabalena dutenak, 15 eta 11 filmekin). Aipatu behar da 11 euskal ekoizpen ere badaudela. Azken horien artean, Jon Goikoetxea Lopez de Alda & Iker Larrañaga Peral, Mikel Sarasola, Luis Arrieta Etxeberria, edota Alex Txikonen filmak ikusteko abagunea egongo da.

Jaialdia gaur berton abiatuko den arren, inaugurazio ekitaldia bihar, hilak 4, izango da erabateko primizia eta berezia den film batekin: MENDIAK-1976, Luis Arrieta Etxeberria zuzendariarena.
Filmak euskal mendizale talde batek bizi izandako abentura bat kontatzen du. “1976an, Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen Shakhaur (7. 116 m) gailurrera iritsi zenean, Afganistanen. Lehenengo euskal zazpimilakoa izan zen. Baina gailurreko lorpenaren alaitasuna tristura bihurtu zen berehala, jaitsieran istripu bat gertatu baitzen: espediziokideetako bat hil egin zen eta beste bat larriki zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker, bigarrena bizirik salbatzea lortu zuten, eta gaurdaino iraun duen nafarren eta poloniarren arteko adiskidetasuna piztu zen”.
Seguruenik, emozioz betetako saioa izango da, 45 urte beranduago agertokian bilduko baitira 1976ko Shakhaur espedizioan elkarren ondoan ibili ziren nafarrak eta poloniarrak.

Filmez gain, aurten makina bat erakusketa paratu dituzte Bilboko hainbat aretotan. Rock The Mountain  izenekoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan jarri da, eta bertan egongo da ikusgai otsailaren 12ra arte. Torinoko (Italia) Museomontagna-ren binilo-bilduma handiaren pieza sorta bat da erakusketaren ardatza. Beste aldetik, CVCEPHOTO 2021 erakusketak mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituak biltzen ditu. Erakusketa Metro Bilbaoko hainbat geltokitan dago ikusgai, baia eta Itsasmuseum aretoan ere. Beti izaten dira argazki ikusgarriak, eskalada, ski, edota alpinismoari dedikaturikoak.
Era berean, beste lau erakusketa egongo dira ikusgai Bilboko hainbat tokitan: Mendian Gora, Bizkaitarrak goiko mugetan, Mendia emakumetasunatik eta Atxarte ardatz duen argazki erakusketa.

Mendiaz gozatzeko tenorea heldu da!

Iruzkinak

0