Bilboko emakume etorkin ekintzaileei aitortza

Bilboko emakume etorkin ekintzaileei aitortza
Bilboko Udaleko Immigrazio Gaietarako Kontseiluak Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren IV. edizioa abiarazi du. Jatorri migratzailea duten emakumeek bizitza sozial eta publikoan duten presentzia saritu nahi du ekimenak. Era horretan, hiriko hainbat eremutan egiten duten ekarpena ikusarazteaz gain, aniztasunaren erreferentziazko guneak sortu nahi ditu.

Hautagaitzak 6 kategorien bitartez proposatu daitezke: Emakume Eragile Komunitarioak lehena, bizikidetzarako eta gizarte kohesiorako emakume migratzaileek auzolanean edota komunitatean egiten duten ekarpena ikusarazteko kategoria. Emakume ekintzailea atalean, berriz, banaka zein taldeka gauzatzen diren proiektu jasangarriak eta arrakastatsuak egin dituzten emakume ekintzaileak barne hartzen ditu. Emakume politikoaren atalak, halaber, eragin politikoko ekintzak egiten dituzten emakumeei dago zuzenduta. Artearekin, diseinuarekin, kultur ekoizpenarekin edo sormen industriekin lotutako edozein diziplinatan nabarmentzen diren emakumeak, aldiz, Emakume Artista kategoriak bilduko ditu. Era berean, Giza Eskubideen defendatzailea kategoria, izenak dion bezalaxe, giza eskubideen defentsan ibilbidea egin duten emakume migratuei dago zuzenduta, batez ere  garapen jasangarriko helburuekin lotu daitezkeenak. Eta Emakume Gaztea kategoriak, azkenik, 30 urte arteko emakume migratu gazteak ikusarazi nahi ditu, baldin eta aurretik aipatutako beste edozein kategoriatan ibilbidea badute.

Hautagai bihurtzeko baldintzak, hartara, atzerritar jatorriko edota atzerritik etorritako emakumeak izan beharko dute. Gainera, hautagaitza proposatzen den kategorian, gutxienez,  bi urteko ibilbidea eduki beharko dute, eta Bilbon bizitzea ere bada bete beharreko beste baldintza bat, beste batzuen artean.

Gainera, bi modutan aurkeztu daitezke hautagaitzak. Batetik, erakunde, elkarte, fundazio, federazio, enpresa, ikastetxe eta abarren bitartez. Eta bestetik, baldintzak betetzen dituela uste duen norbanakoak ere egin dezake.

Izena emateko eta hautagaitzak proposatzeko epea zabalik dago dagoeneko eta abenduaren 15era arte egongo da horretarako aukera. Soilik on-line egin ahal izango da, Bilboko Udalaren webgunean.

Ekimenaren xehetasun guztiak ere bilbao. eus webgunean kontsulta dezakezue.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak