Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Malagako Udalarekin, Malaga ekintzailetza-ekosistema gisa bultzatzeko

Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Malagako Udalarekin, Malaga ekintzailetza-ekosistema gisa bultzatzeko
MTA laborategi Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Malagako Udalarekin, Malaga ekintzailetza-ekosistema gisa bultzatzeko

Mondragon Unibertsitateak ekintzailetza eta berrikuntza laborategi bat jarriko du abian Malagan 2021·12·03



Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du Malagako Udalarekin, Promálaga erakundearen bidez. Turismoko, Hiria Sustatzeko eta Inbertsioak Erakartzeko Arearen mendeko erakundea da Promálaga. Malagan ekintzailetza- eta berrikuntza-laborategi bat martxan jartzea da hitzarmenaren helburua, eta, horren bidez, hiria nazioarteko berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistema gisa bultzatzea. Halaber, enpresa-ekimen berritzaileak sortuz enplegua sustatzeko ere balioko du hitzarmenak, bai eta sorkuntza eta berrikuntza bultzatzen eta enpresa berriak sustatzen eta hirira erakartzen lagunduko duten inguruneak garatzeko ere. 

Hain zuzen, «Berrikuntza eta Ekintzailetza Fabrika» izeneko proiektua sustatzeko oinarria jarri da. Hitzarmenaren bidez, Malagako Udalak berretsi egin du berrikuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua, ulertzen baitu bide egokia dela produkzio-eredu berri bat sustatzeko eta enplegurako eta jarduera ekonomikorako aukerak sortzeko. Orobat, Mondragon Unibertsitatearen proiektuarekin, espazio fisiko batean bildu nahi dira berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloan elkartzen diren eta helburu eta estrategia berak dituzten ekimenak, hezkuntza-erakundeak eta enpresak.

Mondragon Unibertsitateak Bilbon, Bilbao Berrikuntza Faktorian, abian duen berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemaren antzekoa izango da Malagako proiektua. 

Malagako alkate Francisco de la Torrek eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak gaur sinatu dute hitzarmena Malagako udaletxean. Lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Ekitaldian, Turismoko, Hiria Sustatzeko eta Inbertsioak Erakartzeko Areako zinegotzi delegatu Rosa Sánchez eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Beloki ere izan dira.

Lankidetza-hitzarmen horren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute ekonomia- eta gizarte-garapena bideratuko duten aliantzak lantzeko.

Mondragon Unibertsitatea erreferente bihurtu da ekintzailetzaren arloan. Ekintzailetzaren heziketan, Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako Gradu Ofiziala (LEINN) da haren ezaugarrietako bat. Gaur egun, graduaren ibilbidea hasi zenetik 13 urte igaro ondoren, LEINNen sortutako taldeek 120 enpresa eta laborategi baino gehiago dituzte munduko hainbat lekutan: Irunen, Oñatin, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Berlinen (Alemanian), Pueblan (Mexikon), Seulen (Hego Korean) eta Shanghain (Txinan). 3. 000e ekintzailetik gorako nazioarteko komunitate bat da.

Iruzkinak

0